XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Oria ibai nagia Orio-raño luzatzen da.
Bidean, bere ur zikiñez, Aginaga-ko angula-tokirik aberatsenetakoa erabat pozoitzen du.
Oria-ko mendi-artea Gipuzkoa-n zabalena da.
Tokiz edatsuena.
Urumea-koa alde-aldean gelditzen zaio, napar Goizueta ta Artikutza-tik datozen urak karraio.
Itxas inguruan batez ere.
Uste izan danez, orain aspaldiko garaitan, Oria ibaia (edo onen beso bat) Donosti-ko Ondarreta-n itxasoratzen zana zan.
Oria, Urumea, Oyartzun (Pasai-ko kaia) eta Bidasoa lur-koska ariñez berezten dira itxas-inguruan.
Lau ibai auek, Oria-ko alderdi nagusiaren luzapen dirala esan diteke.
Albo auetako langille jendeak, Orio-tik Ondarrabi ta Endaia-ra bitarteko ondartzetara atera oi dira astero.
Eta esku-eskueran gelditzen zaie baita, ipar-sortaldetik ego-sortaldera edatzen dan Naparroa-ko alderdi zabala, Aralar erdi-aldean gelditzen dalarik.
Deba ibaieko alderdiakIbai-alde onen sorlekua, Arantzazu, Zaraia ta Elgea-ko mendiak batetik eta Leniz eta Aramaiona-ko sakonak bestetik, dira.
San Prudentzio-n, Mondragoitik (Arrasate-tik) beera, Deba ibaiak Arantzazu ta Oñati aldeko urak jasotzen ditu.
Gero, Bergara ta Plasentzia-tik (Soraluze-tik) barrena, mendi malkarren artean sartzen da.
Maltzaga-n, Eibar-tik datorren Ego ibaia itsasten zaio.
Eta, itxasora baño len, Elgoibar, Alzola, Mendaro ta Deba-ko erriak zearkatzen ditu.
Alderdi au (batetik bestera joanda ikusi genezake), Oria-koa baño itxiagoa da.
Mendiz josiagoa.
Puskarik zabalenak Oñati, Bergara ta Leniz-ko Ibarra ditu.
Estuena Plasentzi-koa (Soraluze-koa).
Lurralde ontan industri-ola asko dago.
Bai metalgintza, bai burni-labe aundi, baita amaika motako lantegi, eundegi ta abar.
Leniz-ko ibarra (Eskoriatza, Aretxabaleta ta Mondragoi-Arrasate berekin dituala), iya Plazentzi-Soraluze, Eibar eta Elgoibar-en aldean jartzeko ainbatekoa da industri-gauzan.
Eibar, berriz, Gipuzkoa-ko erririk lantegiz beteena da.
Oñati ta Bergara ez daude orren itota.
Baserri geiago dituzte.
Deba, inguru artako ondartza-lekurik famatuena da.
Itxasora bide erosoa.
Aretxabaleta ta Aramaiona aldeko baserri alde polita, Leniz lantegi-ibarraren aizebide toki bezela dira.
Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate (Mondragoi), eta Bergara inguru auetako jende-pil ikaragarriak errez, minutu gutxian, joan ditezke Araba-ko zelaigune zabalera.
Oñati inguruan Araoz, Arantzazu ta Aitzgorri aldeko arboladi ederrak daude.
Mondragoi-tik bertan (Arrasate-tik bertan), Udala mendia eta Bizkai-ko sarrera, Elorrio-zear.
Eibar eta Soraluze (Plasentzi) errez joan ditezke Areitio-ra, Ermua-tik barrena.
Ermua, berriz, Deba aldean dago eta Durango-ko alderdi ederrera jotzen du.
Eibar eta Elgoibar-tik bereala sartu ditezke Bizkai-ko Markina ingurura.
Markina-ko goi-aldera.
Orregatik, ainbeste ola ta lantegi dituan lur-zerrenda onek, ba ditu (itxasoa ta mendia) beretzat naiko atsedengarri.
Gipuzkoa-ko lantegi-erri guzietan gertatzen dan gauza da au, ain zuzen.
Lan-leku ta ola ugariak diran baztarretan, aize garbi ta pakezko toki egokiak ere arkitzen dira, urruti baño len.